XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Behin batean orein bat bota zuen.

Sua piztu eta piztiaren hanka bat jarri zuen erretzen.

Jan ondoren, lokamuxka bat egiteko etzan zen.

Lotan zegoen bitartean, Suzko bi Txori etorri zitzaizkion, hodeietatik irtenda, eta Mendebalde urrutira eraman zuten.

Mendi garai baten tontor-tontorrean utzi zuten.

Esnatu zen eta lurralde hartan inoiz ere egongabea zela iritzi zion bere baitarako gizon ausardiaz bete hark.

Ibarrera jaitsi nahi izan zuen, baina amildegiak eta malkar-horma zutiak besterik ez zuen aurkitu.

Hartan, haize erauntsi baten hotsa entzun zen, eta mendiak dardar egin zuen....

Suzko Txorien buruzagia zen, beregana zetorkiola.

Ondoan jarri zitzaion eta esan zion: - Ez ezazu beldurrik izan.

Ez dizut gaitzik opa.

Gera zaitez gure artean, eta zure aitona izango nauzu.

Ausardia handiko ehiztaria zara, eta oreinak dioena egia bada oso azkon onak dituzu.

Denbora gutxi barru gudu bortitz bat egin beharra daukat, eta zuk lagunduko didazu!.

Gizon ausart hark, pozez eta kemenez beterik, zer egin behar zuen galdetu zion.

- Jakinaren gainean egon behar zenuke esplikatu zion txoriak Suzko Txorioi Ilunpetako Izpirituen kontra gudu egitea eman digula patuak; zuk gurekin batera egon beharko duzu gudu horretan.

Nere familiakoak mendi honen tontorrean bizi gara betidanik, baina ezinezkoa gertatzen zaigu guztiz gure umeak haztea.